leer en castellano
SIMON ARRIETA pintorea jaio zeneko mendeurrena
(1915-2015)
Bergarar guztiok, zalantza barik, Simon Arrieta artista ezagutu, maite eta gogoratzen dugu. Jaioterritik, Bergaratik, alde ez egitea aukeratu zuen pintore ezagunari bere herriak artistarekiko mirespena eta gizonarekiko begirunea adierazi dio beti. Simonen meritua, ukatu ezinezko balio piktorikoaz gain, afizioa ugaltzea izan da, bere estudioa herriko gazteei zabaldu baitzuen. Simon Arrieta pintatzen erakutsi zuen, baina baita pintatzen erakusten erakutsi ere. Bere ikasleek, maisu bihurtuta, jarraipena eman diote “Bergarako pintura eskolari”.Simon Arrieta Bergaran jaio zen 1915eko otsailaren 9an. Lanbide Heziketa Eskolan ikasketak egin, eta Eustakio Agirreolearekin pintura ikasten aritu eta gero, Madrilen osatu zituen ikasketak Valentin Zubiaurrerekin. Ignacio Zuloaga pintore eibartarra ezagutzeko aukera izan zuen, eta bere ikaslea izan zen. Madrilen eta Parisen egindako egonaldietan Velazquezen eta inpresionisten lanak aztertu zituen. 1933, 1935 eta 1942an Donostian egindako Artista Berrien Lehiaketan hainbat aipamen jaso zituen. Gerra Zibilean preso egon zen Langileen Batailoietan. Soldaduska garaian Mallorcan zegoela, Ohorezko Aipamena jaso zuen Palma de Mallorcako Arte Ederretako Zirkuloak antolatu zuen lehen Udaberriko Saloian.
1950ean Madrilera bizi izatera joan zen familiarekin. 1952 Minerva aretoan ospatu zuen erakusketan sekulako arrakasta izan zuen, erakutsitako koadro guztiak saldu eta enkargu asko jaso baitzuen. Hala ere, 1953an jaioterrira bueltatzea erabaki zuen. Ordutik, eta 1969an hil zen arte, Bergarako bizigiro kulturalean partaide aktiboa izan zen, herriko artista berriei lagunduz eta erakutsiz.
Simon Arrieta jaio zeneko mendeurrena ospatzeko programatu diren ekintzak 2015ean zehar egingo dira, lau ildo nagusiren inguruan:
- • Lanen inbentarioa
- • Erakusketak
- • Liburu antologikoa
- • Zabalkuntza – ekitaldi osagarriak
Lanen inbentarioa
Simon Arrietaren pintura-lanen inbentarioa egingo da. Lan bakoitzeko fitxa teknikoa osatuko da, non jasoko diren lanaren oinarrizko ezaugarriak, xehetasunak eta argazkia. Datu eta argazkiei ahalik eta hedapen handiena emateko asmoz, Bergarako Udalari datu-basea eskaini zaio bere web orrian argitaratu dezan. Datu-basea zabalik egongo da, gerora ager daitezkeen lanak ere jaso ahal izateko. Halaber erabili ahal izango da beste artista batzuen lanak ere katalogatzeko, Simon Arrietaren legatuaren garrantzia agerian jarriz.Erakusketak
Aroztegi aretoan erakusketa bat egingo da Simon Arrietaren lan adierazgarrienekin. Erakusketa hau, aurretik, Donostian aurkeztuko da. Simon Arrietaren obra, halaber, berarekin lotutako beste leku batzuetan zabaltzeko asmoa dugu.Liburu antologikoa
Liburuaren egilea Miguel Angel Elkoroberezibar izango da eta bost atal izango ditu:
- Simon Arrietaren biografia: familia, lagun eta laguntzaileen testigantzekin eta garaiko prentsa-aipamen eta argazkiekin.
- Kronologia artistikoa.
- Arte-kritikarien iruzkinak.
- Lan esanguratsuenen argazki eta datu teknikoak.
- Bibliografia.
Hizkuntza: Euskara-Gaztelera.
Zabalkuntza – ekitaldi osagarriak
Bergaran:
- BEART elkartearen Gabonetako erakusketa kolektiboa Simon Arrietaren omenez egitea
- Beste entitate kulturalak proiektuan parte hartzeko gonbidatzea.
- Hezkuntza-zentroak inplikatzea, Simon Arrietaren bizitzaren eta lanen ezagutza zabaltzeko, irakasleek aukeratutako formatuan: .
- BEART elkarteak bisita gidatuak eskaintzen ditu bai erakusketetara, baita pintura-estudioetara ere.
- BEARTek umeen pintura lehiaketan laguntzaile den heinean, gazteak parte hartzera gonbidatzen ditu.
- Beste batzuk
- Simon Arrietaren omenezko kontzertua.
- “Koadro-foruma”, Simon Arrietaren lan bati buruzkoa. Simonen lan baten azalpena, entzulegoak parte hartzeko zabalik.
- Simon Arrietari buruzko hitzaldi monografikoa/mahai-ingurua, eta liburuaren aurkezpena. -
- Urtero ospatzen den aire libreko pintura-lehiaketak Simon Arrieta izena eramango du, eta bere izeneko sari berezia egongo da.
- BEART elkarteak 2015ean egingo dituen ekintza guztiak Simon Arrietaren izenarekin aipatzea; eta horien barne, bai taldeka, bai banaka kideek egingo dituzten erakusketak ere.
Beste herri batzuetan:
Simon Arrietaren bizitzarekin edota lanekin zerikusia izan behar dute. Eramango direnak:- “Koadro-foruma”, Simon Arrietaren lan bati buruzkoa.
- Simon Arrietari buruzko hitzaldi monografikoa/mahai-ingurua
- Simon Arrietaren lanen erakusketa. - Elkartruke kulturalak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario